HISTORIA
Atal honetan, “LGTBI+ mugimenduaren genealogia Nafarroan” proiektuari buruzko informazio orokorra aurkituko duzu, baita horren historia labur bat ere. Mugimenduaren aurrekariak jaso dira, kolektiboen eta denbora lerroan ageri diren gertaeren arteko loturak azaldu eta materialak testuinguruan jarri. Materialok, halaber, Dokumentazioa eta Galeria ataletan ikusgai daude.
Testuaren helburua ez da historia egitea, hala balitz, izaera historikoa duten dokumentu iturriak erabiliko baitziren, gehienbat. Benetako helburua da memoria kolektiboaren gertaera garrantzitsuen berri ematea, eta, horretarako, memoria indibidualak biltzea; hau da, bizipen eta oroitzapen pertsonalak biltzea, material osagarriak izan edo ez izan.
Ikerketa genealogiko baten emaitza hainbat modutan adieraz daiteke. Kasu honetan, denbora lerro itxura hartu du, eta datekin eta kontrastatutako gertaerekin batera, dokumentuak, irudiak eta kontakizunak biltzen dira. Denboraren lerro mugatua da, baina ikuspegi formal batetik soilik. Izan ere, hasieran, aldez aurreko testuingurua jasotzen du, eta bukaera oraindik ez da iritsi.
Nafarroako LGTBI+ mugimenduak 1978tik gaur egunera izan duen historia, itxuraz, irudien bidez adierazitako daten hurrenkera bat “bakarrik” da, baina zeharkako gai askok inguratzen dute, eta oso zaila da horiek guztiak webgune batean dagoen eta pantaila zati bat hartzen duen lerro horizontal mehe batean sartzea. Etengabe sortzen dira sinergiak eta batasunak beste mugimendu politiko eta sozial batzuekin; desadostasunak eta zatiketak egoten dira; Espainiako estatuaren barruko eta kanpoko beste eskualde batzuetatik jasotako teoriak eta praktikak bereganatzen dira, edota Nafarroako mugimenduak gure mugak gainditzen ditu. Hori dela eta, alderdi praktikoak eta eraginkortasunekoak tarteko –komunikazioaren ikuspegitik–, ezinezkoa da 1978tik gaur egunera Nafarroan LGTBI+ mugimenduaren baitan gertatutako guztia islatzea, ezta mugimendua garatzen lagundu duten pertsona guztiak barne hartzea ere.
Espero dugu, pixkanaka-pixkanaka, pertsonez eta kolektiboz osatutako mosaiko honi pieza gehiago gehitu ahal izatea. Hain zuzen ere, kontakizunak zehazten lagunduko duten ekarpen berriak jasotzeko prestasunari esker ikusten ahalko da horrelako mugimendu baten konplexutasun-maila: historian berebiziko garrantzia izan du, luzaroan iraun du, eta mende luzez aldaezintzat hartzen ziren paradigmak aldatu ditu. Horregatik, genealogia hau egitea aspalditik militatu duten pertsonengana itzultzeko ariketa ere bada. Izan ere, haiei esker eraiki dira datozen belaunaldiendako gizarte libreago baten oinarriak.
LGTBI+ mugimenduaren genealogia nafarroan
Ezarritako eta onartutako arau eta konbentzioetatik kanpo dauden kolektiboen ikerketak deskribatu egiten du nolakoa den esparru legal eta sozial horiek sortzen dituen gizartea. Esparru horiek, oraintsu arte, ez dute barne hartu eredu ez-heteropatriarkala jazartzen eta bereziki zigortzen zuten eredu determinista, bidegabe eta zaharkituetan oinarritzen ziren testu eta ohituretan bildutakoez bestelako aukerarik. Testuinguru horretan, eta elementu oso konplexuen eraginpean (sexua, generoa, identitatea, klasea, erlijioa, arrazializazioa…), LGTBI+ kolektiboa behin eta berriz izan da diskriminazioan eta indarkeria esplizituan zein sinbolikoan oinarritutako zapalkuntza eskemen jomuga. Jende asko berrogei urtez baino gehiagoz aritu da bere oinarrizko eskubideak aitortzeko borrokan. Borroka hori beste prozesu zibil eta politiko askorekin batera gauzatu da, eta, horiek aintzat hartu gabe, ezinezkoa litzateke egungo Nafarroako gizartea den bezala irudikatzea.
Sexu eta genero identitatea aldarrikapen politikoko gai bihurtu zen, eta, aldi berean, beste filosofia politiko batzuk garatu ziren. Filosofia horiek nagusi zen eredua zalantzan jartzen zuten, eta 60ko hamarkadatik aurrera hartu zuten indarra. 1968ko maiatzean, Parisen, agerian geratu zen iraultzarako deia maila politikoan zein indibidualean zela, eta sexu askatasuna ere sartu zen gizartea iraultzeko aldarrikapenen artean. Urtebete geroago, polizia Stonewall Inn klubean (New York) sartu zela eta, hiru egunetako mobilizazioak sortu ziren. Mobilizazio horien ondorioz, polizia ateratzea lortu zuten. Eta, hori gutxi balitz bezala, Stonewall izan zen mugimendua erradikalizatu eta beste leku batzuetara zabaldu zuen abiarazle nagusia. Leku bakoitzean forma eta ezaugarri propioak hartzen joan zen, nazioarteko kolektibo garrantzitsuak eta inspiratzaileekin. Gay Liberation Front kolektiboak, esaterako –New Yorken sortu, eta Ipar Amerikako eta Europako beste hiri batzuetara hedatu zen– jasaten zuen diskriminazioari eta zapalkuntzari aurre egiten zien, eta erregimen heterosexuala eta kapitalismoa zalantzan jarri.
Stonewall izan zen mugimendua erradikalizatu eta beste leku batzuetara zabaldu zuen abiarazle nagusia. Leku bakoitzean forma eta ezaugarri propioak hartzen joan zen, nazioarteko kolektibo garrantzitsuak eta inspiratzaileekin.
Espainiako estatuan ideologia nazionalista-katolikoa aldarrikatzen zuen diktadura zegoenean indarrean, eta LGTBI+ kolektiboa legez zigortua zegoen Zigor Kodean (baita Zigor Kode Militarrean ere): 1933ko Alfer eta Gaizkileen Legea 1954an aldatu zen, pertsona homosexualak barne hartzeko, eta hainbat neurri biltzen zituen; besteak beste, lan establezimenduetan edo nekazaritza kolonietan barneratzea, bizileku jakin batzuetan bizitzea debekatzea eta non bizi ziren adieraztera derrigortzea. 1970ean, kolektibo horren aurkako errepresioa gogortu egin zen Arriskugarritasunari eta Gizarteratzeari buruzko Legearen ondorioz; izan ere, 1978ra arte, pertsona homosexualak atxilotu eta “berreziketa” zentroetan giltzapetu zitezkeen (terapia agresiboak baliatzen zituzten). Hala ere, askotan, kartzela konbentzionaletan betetzen zituzten kondenak.
Francoren heriotzak (1975ean) aldaketa erradikal bat ekarri ez bazuen ere, modu irekiagoan bizi zen egoera. Horrek, era berean, asoziazionismoaren gorakada ekarri zuen maila guztietan, eta kolektibo politikoak pixkanaka legeztatu ziren. Horrela, gay eta lesbianen erakundeen sare bat sortu zen Espainiako estatu osoan: Unión Democrática Homosexual de Málaga, Movimiento Sexual Aragonés (Zaragoza), Frente de Liberación Homosexual Gallego (Santiago de Compostela), Frente de Liberación Homosexual de Castilla, EHGAM (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua, Bilbo), eta abar. Talde horiek Espainiako Estatuko Askapen Homosexualerako Fronteen Koordinakundean (COFHLEE) elkartu ziren 1977an, indarrak batzeko asmoz. Aldi berean, jardunaldi feministak antolatu ziren Madrilen (1975), Bartzelonan (1976) eta Leioan (1977), eta Nuklearren Aurkako Estatuko Koordinakundea eta Kontzientzia Eragozpenaren Mugimendua eratu ziren. Azken horretatik garaiko sexu disidentziaren zati handi bat igaro zen, eta, zenbait urte geroago, marika asko kartzelan sartzeko arrazoi izan zen.
Elkarte horien arteko sinergiak ez ziren estatu mailan bakarrik gertatu; erakunde horietako batzuk 1978an sortu zen International Gay Association (egungo ILGA) delakoan sartu ziren.
Ordura arte ukatutako eskubideen aitorpena aldarrikatzen zuen eta erregimen heteropatriarkala zapalkuntza sistematzat hartzen zuen mugimendu oso bat antolatzeak ikusgarritasun eta eraginkortasun handiagoa ekarri zuen. Gainera, erakunde horien eta adierazteko erabiltzen zituzten bitartekoen bidez (Gay Hotsa aldizkaria, ekintzak, etab.), pertsona askok ideiak eta esperientziak partekatzeko eta indarrak batzeko modua aurkitu zuten. Bestalde, kolektiboaren zenbait aldarrikapen bere egin zituzten garai hartako zenbait alderdi politikok, LKI eta EMK-k, esaterako.
Ohiko bilguneez gain, topaketa klandestinoak ere egiten ziren, Arraratsen (1975) egin ziren Nafarroako Gazteriaren topaketak kasu. Halakoek ezagutza zabaltzea eta sareak jostea ahalbidetzen zuten. Nafarroako Homosexualen Batzordea (CHN) funtsezko erreferentea izan zen Nafarroan: Iruñean sortu zen 1976an, eta baliteke, denbora batean, estatu mailan zegoen gay erakunde bakarra izatea, FAGC erakundeaz gain. CHN modu autonomoan sortu zen, eta ezaguna egin zen gizartean bai bere pintaketa kanpainagatik bai Paraíso irrati piratan ematen zen El mundo de la Mariguay saio probokatzaileagatik.
1978an Andraize sortu zen Txantrean; hasiera batean emakumeari laguntzeko zentro gisa sortu zen, baina, azkenean, aitzindari izan zen trans pertsonei arreta eskaintzen.
1978. urtea amaitzear zegoela, homosexualak kendu zituzten “gizarte arriskutzat” hartzen ziren pertsonen kategoriatik: 1978ko abenduaren 26an, Arriskugarritasunari eta Gizarteratzeari buruzko Legea aldatu zuten Kongresuan. 1970eko lege horrek homosexualitatearen eta transexualitatearen aurkako errepresioa indartu zuen, 1954an Alfer eta Gaizkileen Legea (1933) aldatu zenetik, praktika homosexual oro jazarri eta zigortzen baitzuten. 1970eko legeak ikuspegi heteronormatibo eta paternalista zuen; 431. artikuluan “eskandalu publikoaren” delitua jasotzen zuen, eta haren bidez, gizabanakoa “berrezi” nahi zuen (sendatu beharreko gaixotzat hartzen baitzen), gizartean erabat sar zedin (jazarpenaren, errepresioaren eta espetxeratzearen bidez) eta, bide batez, arauz kanpoko praktika horiek kutsa ez zitezen. Testuinguru horretan, 1978ko abenduan onartutako aldaketa (1979ko urtarrilaren 31n sartuko zen indarrean) urrats legal handia izan zen, homosexualitateak delitu izateari uzten baitzion. Hala ere, gizartean oraindik erasoak gertatzen ziren; 1979an, esaterako, “Francis” hil zuten Errenterian. Era berean, aurrez aipatu den eskandalu publikoari buruzko 431. artikulua 1988ra arte indargabetu ez zen arren, data horren ondotik ere jarraitu zuten tratu diskriminatzaileagatiko salaketek; adibidez, garraio publikoan, eta, zehatzago esanda, RENFEn. Gainera, Arriskugarritasunari eta Gizarteratzeari buruzko Legea ez zen erabat indargabetu 1995. urte amaierara arte.
1970eko hamarkadaren bukaeran bi erreferente agertu ziren. Alde batetik, Emakumearen Sexual Askatasunaren Mugimendua (ESAM), Nafarroako Koordinakunde Feministaren parte izanen zena; eta bestetik, Tuterako Emakumeen Asanblada. 1979ko ekainean, Stonewalleko gertaeren hamargarren urteurrenaren harira, asanbladak gay eta lesbianen komunitatearen aldeko kontzentrazioa antolatu zuen. Ordura arte ez zen inoiz horrelako ekintzarik egin Nafarroan; hura izan zen lehena.
Urtebete geroago agertu zen EHGAM Nafarroa, Koordinakundeko feministen eskutik. Euskal Herriko gay eta lesbianen kolektibo misto bat zen, eta 1983an legeztatu zuten. Bertan, hasieran, Koordinakunde Feministako lesbiana feministek ere parte hartu zuten, baina, gero, kolektibora itzuli zen.
1982an, Tuteran Stonewallen gertatutakoa gogoratzeko lehen ekintza egin eta hiru urtera, Gay Harrotasunaren Eguneko lehen manifestazioa egin zen Iruñean. Ospakizun hori urtez urte egin da, eta, ia lau hamarkada hauetan, aldarrikapenak gehitu, ikusgarritasuna handitu eta Nafarroako beste hiri batzuetara ere iritsi da.
Jardunaldiak, historikoki, elkartzeko, ideiak trukatzeko eta eztabaidatzeko uneak izan dira, eta, batzuetan, inflexio puntu izan dira kolektiboen bilakaeran.
Baina kolektibo horiek ez diote lan egiteari utzi, eta ideien eta ikuspegien etengabeko fluxua ezinbestekoa izan da. Horrela, jardunaldiak, historikoki, elkartzeko, ideiak trukatzeko eta eztabaidatzeko uneak izan dira, eta, batzuetan, inflexio puntu izan dira kolektiboen bilakaeran”. Hala izan ziren Euskadiko Lesbianen I. Jardunaldiak, 1983ko maiatzean Zamalbiden (Gipuzkoa) egin zirenak. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako eta Nafarroako 250 emakume inguru bertaratu ziren, baita Madrilgo ordezkari batzuk eren, eta Emakume Feministen Asanbladetako eta EHGAM kolektiboko emakumeak elkartu ziren bertan. Halaber, 1987ko maiatzaren 1ean, 2an eta 3an Orion ehun lesbiana baino gehiago bildu zituzten Euskadiko Lesbiana Feministen Jardunaldiek baieztatu zuten mugimendu lesbianista mugimendu feministaren barruan kokatzen zela, eztabaida eta eduki teoriko oso politizatua zuela eta heterosexualitatea sistema zapaltzaile gisa zalantzan jartzen zuela. Diskurtso feministarekin lerrokatuta zegoela argi gelditu zen, eta hurrengo jardunaldi feministetan jarraitu zuten gai horiei buruz eztabaidatzen. Bestalde, 1984an eta 1994an Leioan egin ziren Jardunaldi Feministak ere elkartzeko eta feminismoaren barruan ohikoak izan diren gaiei buruz eztabaidatzeko leku izan ziren, sexualitatea eta erregimen heterosexuala sistema zapaltzaile gisa, kasu. Jardunaldi horietan Nafarroako Koordinakunde Feministako Lesbianen Kolektiboen hitzaldiak aurkeztu ziren.
Maitemintzea, jeloskortasuna, desira eta beste hainbat gai sozial lantzen zituzten, (gizarte erreformen eta bikote legeen aldeko borroka, etab.), baina topaketa horiek erakundeari buruzko gaiak eztabaidatzeko ere baliatzen ziren (elkarren aurkako iritziak egoten ziren: Emakumeen Asanbladaren barruko lesbianismo batzordeetan eztabaidatu behar ote ziren edo lesbiana feminista autonomoen kolektiboetan egin behar ote zen). Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, 1986an hain zuzen ere, autodefentsa feministako lehen tailerra sortu zen Iruñean.
Jardunaldiak ez ziren izan elkargune bakarrak. Horren adibide da Sorginak aldizkariaren baterako argitalpena.
Jardunaldiak ez ziren izan elkargune bakarrak. Horren adibide da 80ko hamarkadaren bigarren erdian Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboek (Donostiako Emakumeen Asanblada, Nafarroako Koordinakunde Feministako lesbiana feministen kolektiboa, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lesbiana Feministen Kolektiboak, Arabako Lesbianen Kolektiboa, Arabako Lesbianen Elkartea, Lumatza, etab.) batera argitaratu Sorginak aldizkaria. Euskaraz eta gaztelaniaz idazten ziren aldizkari haren zenbakiak, lesbianismoari eta feminismoari buruzko artikulu informatiboak zekartzaten, baita salaketa egitekoak ere; eta horrez gain, kritika teorikorako, hausnarketarako, poesiarako eta abarrerako ere bazuten lekua.
Hamarkada horren amaieran iritsi zen kolektiboaren historiako oztopo zailenetako bat: HIESa edo GIBa agertu zen mundu osoan, gaixotasun ezezagun eta bereziki estigmatizatzailea. 1988ko abenduaren 1an ospatu zen, lehenbizikoz, HIESaren aurkako Mundu Eguna. Une horretatik, eta batez ere 90eko hamarkadatik aurrera, LGTBI+ kolektiboaren mobilizazioek ez zuten etenik izan, bereziki gayenek. Nafarroaren kasuan, EHGAM Nafarroa 1989an berpiztu egin zen, urte batzuk desagertuta egon ondotik, eta lan eskerga egin zuten: salaketa eta sentsibilizazio kanpainak egin zituen, bai propioak, bai beste erakunde batzuekin lankidetzan (Hiesaren Aurkako Batzordea, Sare, etab.).
1990ean, OMEk utzi egin zion homosexualitatea nahasmendu mentaltzat hartzeari, baina adierazpen instituzionalek ez zituzten gizartearen aurreiritziak ekiditen, ezta LGTBI+ pertsonen eskubideen eta osotasun fisikoaren aurkako erasoak ere.
1990ean, baita ere, OMEk utzi egin zion homosexualitatea nahasmendu mentaltzat hartzeari, baina adierazpen instituzionalek ez zituzten gizartearen aurreiritziak ekiditen, ezta LGTBI+ pertsonen eskubideen eta osotasun fisikoaren aurkako erasoak ere. 1991n trans kolektiboko Sonia Rescalvo hil zuten Bartzelonan, eta hura izan zen Espainiako Estatuan aitortutako lehen gorroto delitua. 1992an, EHGAMk salaketa publikoa egin zuen, Iruñeko cruising gune batean bi gizonek jasandako eraso homofoboaren harira. Horren ondorioz, eta Herri Batasunak eskatuta, EHGAMko zein COFHLEEko kideak Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean agertzera deitu zituzten. Agerpen horren eskutik hartu zen Europako Parlamentuaren proposamenak aztertzeko eta gomendioak berrikusteko konpromisoa.
LGTBI+ kolektiboaren barruan erakundeen arteko sinergiak etengabeak izan dira: EHGAM Nafarroak eta COFHLEEk, aipatutako ekintzez gain, topaketak ere egin zituzten, hala nola COFHLEE eztabaida jardunaldiak, abenduaren 5ean, 6an eta 7an, Etxalekun ( EHGAM Nafarroak antolatu zuen). Horrez gain, aipatu beharra dago COFHLEEren asanbladak aldi bakoitzean leku desberdinetan egiten zirela, eta horietako bakoitza antolatzeko ardura COFHLEEren barruko kolektibo batek hartzen zuela. Gauzak horrela, asanblada horietako batzuk Euskal Jai Gaztetxean egin ziren.
Era berean, Gay Hotsa aldizkariaren 52. zenbakian, apirilaren 30ean Bilbon prentsaurreko bat eginen zenaren berria argitaratu zen, Euskal Herriko gay eta lesbianen eskubideen aldeko Koordinakunde komunikabideen aitzinean aurkezteko. Honako hauek osatzen zuten koordinakundea: ALA-ALA, COGAL, AGERIAN, GAZTE-GAY, EHGAM eta LUMATZA. Azken hori 1990ean sortu zuten Nafarroako Koordinakunde Feministako Lesbianen Kolektiboko lesbianek, EHGAMtik irten ondotik. Haiek antolatu zuten, esaterako, Kontakizun Erotikoen I. Lehiaketa, eta lesbiana feministen edo bolleren –termino hori urte batzuk geroago iritsi zen Nafarroara– erreferentziazko kolektiboa izan zen.
Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboek oso zeregin dinamikoa betetzen jarraitu zuten, ez ekitaldiak antolatzen zituztelako soilik (jardunaldiak, hitzaldiak, jaiak…), baita lesbianismoak gizartean zeukan ikusezintasunean fokua jarriko zuten mobilizazioak eta kanpainak egiten ere. Beraien diskurtso politiko sendoak, askotan, ironia erabiltzen zuen feminismo instituzionalaren elementuak zalantzan jartzeko. Erakunde lesbianak funtsezko eragile bihurtu ziren berdintasun politiketan, berdintasun planak kritikoki berrikusten zituztelako. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 1992an kolektibo horiek berrikuspen kritikoa egin zioten Emakunderen Ekintza Positiboko I. Planari, lesbianismoa kontuan har zezan, eta hainbat eremutan proposamenak egin zituzten (juridikoa, kulturala, enplegua, prestakuntza, osasuna). Aldi berean, ordea, kolektibo horietako askok desegite prozesuak hasi zituzten (adibidez, 2005ean Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboa desegiteko jaia ospatu zen).
Nafarroan, militarren aurkako mugimenduaren gorakadak bultzatu zuen mugimendu intsumiso handian beste dimentsio bat txertatu zen: intsumisio marika.
90eko hamarkadan, “sexu aniztasun” kontzeptuak ikusgarritasuna hartu zuen, eta ikuspegi eta ñabardura berriak sartu zituen diskurtsoetan. 1996an, queer teoria sartu zen EHGAMren diskurtsoan, eta gaur egun dirauen eztabaida bat sortu zuen horrek. Sasoi horretan gertatu zen LGTBI+ kolektiboaren eta urte haietan egunerokotasunean hain presente zegoen mugimendu antimilitaristaren arteko beste bat egite bat ere. Homosexualen kolektiboak kontzientzia eragozpeneko mugimenduan parte hartzeak urte luzez iraun zuen. Nafarroan, militarren aurkako mugimenduaren gorakadak bultzatu zuen mugimendu intsumiso handian beste dimentsio bat txertatu zen: intsumisio marika. Hurrengo urteetan, EHGAMk intsumisioaren aldeko kanpainak egin zituen, eta kide batzuk kondenatu egin zituzten.
Baina ez ziren horiek izan kolektiboa aktiboki mobilizatu zen aldi bakarrak, diskriminazioa betikotzen zuten erakunde heteropatriarkalen aurkako gaitzespena ikusarazteko. Hala, militarren aurkako kanpainez gain, beste kanpaina batzuk ere egin ziren 90eko hamarkadan: Amerikaren Aurkikuntza delako gaitzaren bosgarren mendeurrenaren oroitzaren aurka egindakoa, “Ez 92ari, bai 69ari” izenekoa; Bartzelona 92ko Olinpiar Jokoen aurkako ekintzak; oro har Elizaren rolaren aurka egindakoak (apostasia kanpaina indartsua, erlijio egoitzetan egindako pintaketak, elizako karguen argazkiak erretzea…), eta bereziki Opus Deiren aurkakoak; preserbatiboak saltzeari uko egiten zioten farmaziei boikota egiteko deia egin zen; mezu homofoboak zabaltzen zituzten pertsona edo taldeen aurkako ekintzak, 1998an Molotov izeneko taldeak Iruñean egindako kontzertuan zabaldutakoa, kasu, zeinak kontzertua bertan behera uztea ekarri baitzuen. Azken kasu hori EHGAMren kanpaina nazionalaren barruan izan zen, eta salaketa instituzionala jarri zuten, nahiz eta ekintza Nafarroako hiriburuan egin.
Aldi berean beste sare batzuk ehuntzen ari dira. Tokian tokikoak izaten dira, eta askotan kanpo geratzen den landa eremua ere barne hartzen dute.
Bestalde, XXI. mende hasieran ireki zen Kattalingorri, Iruñeko Aldapa kalean. Alde Zaharraren bihotzean dagoen espazio fisikoa zen, hainbat kolektibo hartu zituena, eta LGTBI+ mugimenduari ikusgarritasuna eman ziona. Eraikinak egoitza izaera hartu zuen, eta lehendik zeuden elkarteak eta zabalik egon zen ia 18 urte horietan sortzen joan zirenak bildu ziren bertan. Eta horrela, egoitza erreferente bihurtu zen. Batetik, bertan antolatzen ziren askotariko jarduerengatik edo beraien zalantzak, kontsultak eta eskaerak helaraztera bertaratzen ziren herritarrentzat. Bestetik, bertan sartuta zeuden elkarteentzat. Izan ere, elkarbizitzarako leku bilakatu zen, sinergiak eratu ziren eta, ondorioz, denetariko jarduerak antolatzen ziren bertan. Horien artean, 2009an Lekarozen egin ziren emakumeen lehen topaketak (Kattalingorrin parte hartzen zuten emakumeek antolatu zituzten).
Kattalingorriren inguruan biltzen ziren borondateei, ahaleginei eta borroka kolektiboari esker bihurtu zen egoitza hura kolektiboak eskatzen zituen eta nola erakundeetan hala kalean eskatzen ziren gizarte aldaketen eragile. Manifestazio jendetsuak egin ziren: 2001ean, esaterako, homo-lesbofobia sozialaren, mediatikoaren eta instituzionalaren aurkakoa. Ildo horri jarraikiz sortu zen 2003an E-28 Plataforma, hainbat kolektibo biltzen ziren bertan, eta kolektibo horien ikusgarritasuna eta ekimenen irismena indartu zituen.
Kattalingorriren inguruan biltzen ziren borondateei, ahaleginei eta borroka kolektiboari esker bihurtu zen egoitza hura kolektiboak eskatzen zituen eta nola erakundeetan hala kalean eskatzen ziren gizarte aldaketen eragile.
Aldaketa sozial horietako bat ekarri zuen 6/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, bikote egonkorrendako (izatezko bikoteak) berdintasun juridikoari buruzkoa, onartu izanak. Lege horrek, lehenengo artikuluan, eta diskriminaziorik ezaren printzipioaren arabera, xedatzen zuen “inor ezin dela diskriminatu familia talde jakin bateko kide izateagatik, talde hori seme-alabatasunean, ezkontzan edo antzeko afektibitate harremanean bizi diren bi pertsonaren elkartzean sortzen bada, sexu orientazioa gorabehera”. Lege hori Espainiako Estatuko aurrerakoienetakoa bihurtu zen, aukera ematen baitzien bikote egonkorrei elkarrekin adoptatzeko, ezkontzaz elkartutako bikoteen eskubide eta betebehar berberekin. Eskubide horrek, une hartan, ez zuen jasotzen Izatezko Bikoteen Legea zuten beste komunitateen artetik bat bera ere.
6/2000 Foru Legea onartu ondotik, adibidez, gizarteak gero eta gehiago eskatzen zuen ezkontza homosexualen aldeko lege bat, baina ezker erradikalak zalantzan jartzen zuen. Azkenik, uztailaren 1eko 13/2005 Legeak Kode Zibila aldatu zuen, ezkontzeko eskubidearen arloan.
2000ko hamarkadan trans kolektiboak ere ikusgarritasun handiagoa lortu zuen. Ekainaren 25eko 8/1983 Lege Organikoak, Zigor Kodearen erreforma urgente eta partzialari buruzkoak, erantzukizun penaletik salbuetsita utzi zituen kirurgia transexuala egiten zutenak. Izan ere, ordura arte lesio delitu gisa jasota zegoen, antzutasuna eragiten zuelako. Hala ere, gizarteak eta erakundeek bereziki zigortutako kolektiboa izaten jarraitzen zuen, eta, beraz, prekaritate ekonomiko eta soziala bizi zuen kasu askotan, baita bazterkeria ere. Nafarroan, Ilota Ledo Elkartea, 2002an sortu eta Kattalingunen sartu zena, erreferente bilakatu zen. Gainera, 2005ean transexualitateari buruzko eguneratze tekniko/profesionalerako jardunaldi zientifikoak egin ziren Iruñean, eta ospe handiko pertsonak izan ziren bertan. Estatu mailako kolektiboentzat mugarri bilakatu ziren egun haiek. Trans kolektiboaren eskaerek eta aldarrikapenek edo, gutxienez, horietako batzuek eragina izan zuten martxoaren 15eko 3/2007 Legearen onarpenean. Lege horretan pertsonen sexuari buruzko aipamena zuzentzen zen, eta aukera ematen zien pertsona transexualei NANean izena eta sexua aldatzeko, ebakuntza egin beharrik gabe. Bi urte geroago iritsi zen 12/2009 Foru Legea, azaroaren 19koa, pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.
2015ean, Lumatzak I. Jardunaldi Bizarroak antolatu zituen. Urte horretan bertan, kolektiboa zatitu egin zen, eta Zikutak taldea jaio zen. Era berean, Basati Queer Fest egin zen lehenbizikoz, Zazpe herri okupatuan.
Transen gaiak ikusgarritasun handia lortu zuen aurreko hamarkadan, eta are proiekzio handiagoa izan zuen 2011tik aurrera. Izan ere, elementu hori eta beste batzuk nahasten zituzten elkarteak sortu ziren, eta horrek transfeminismoaren sorrera ekarri zuen.
Hortik aurrera sortu ziren Lugatibe (Iruñeko Gazte Transbollomarika eta Queer Asanblada) 2011n; Bullerak (Iruñeko kolektibo bollero transfeminista) 2016an, bi urte geroago Zikutakekin batera II Jardunaldi Bizarroak antolatuko zituena; Transmarikabollo Asanblada 2017an (gaur egun Urria Trans antolatzen duten kolektiboetako bat); Ortzadar-LGTB 2017an; Dekumas LBT 2018an…
Aldi berean, beste kolektibo batzuk sortu ziren, berariaz sortu ere, trantsitua egin nahi zuten pertsonek eta/edo haien familiek zituzten hutsuneak betetzeko. Testuinguru horretan sortu ziren zenbait elkarte: Transkolore, 2016an, eta Naizen, 2018an, esaterako. Azken kasu hori bilakaera baten ondorio izan da, Chrysallis EH izeneko Trans Adingabeen Familien Elkartearen ondotik sortu baita, zeina, aldi berean, 2013an jaiotako Estatuko Chrysallisen aterkipean sortu baitzen.
Erakundeei dagokienez, 2011n, Genero Identitatearen Nahasmenduen Arretarako Unitatea (UNATI) sortu zuen Nafarroako Gobernuak, kolektiboko pertsonei zuzendutako arreta eta aholkularitza zerbitzua. 2018an Transbide ezarri zen haren ordez, eta hasierako izendapenean zegoen patologizazio kutsua ezabatu zen.
Izan ere, transexualitatearen despatologizazioaren kontrako borroka oraindik ez da bukatu: 2012an DSMn (nahasmendu mentalen diagnostiko mentala eta estatistikoa, Amerikako Psikiatria Elkarteak argitaratua) gaixotasun mental gisa deskatalogatu zen, eta 2018an OMEk utzi zion nahasmendu mental gisa hartzeari, baina “genero inkongruentzia” izena eman zion.
Horri dagokionez, aintzat hartu behar da transei emandako zerbitzuetan legezko hutsuneak edo bestelako akatsak egoteak egoera konponezinak eragin ditzakeela. Argi gelditu zen hori 2017an Ekai Lersundi Ondarroako trans aktibistaren heriotzarekin. 16 urte zituela egin zuen bere buruaz beste, tratamendu hormonalaren zain zegoela.
Zalantzarik gabe, Kattalingune irekitzeak Nafarroako LGTBI+ kolektiboari erreferentziazko leku bat eman zion, eta Kattalingorriren lekukoa hartu zuen 2016an.
Hasiera batean Abejeras kaleko 41. zenbakian zegoen, eta 2021eko irailean Fuente del Hierro kaleko 2. zenbakira lekualdatu zuten. Gainera, 2017an, Harrotu sortu zen, Iruñeko Udaleko Sexu eta Genero Aniztasunaren Informazio eta Arretarako zerbitzu publikoa. San Gregorio kaleko 28. zenbakian du egoitza, eta herritarrei eta profesionalei LGTBI+ informazio eta arreta zerbitzuetarako sarbidea erraztea da bere xedea.
Erakunde mailan ere, mugarri garrantzitsua izan zen kolektiboarentzat (eta, oro har, Nafarroako gizartearentzat) ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. Lege horren hitzaurrean honako helburu hau aipatzen zen: pertsona lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen, transgeneroen eta intersexualen (LGTBI+) eskubideak garatzea eta bermatzea, eta pertsona horiek diskriminazio eta indarkeria sexualeko egoerak jasan ditzaten saihestea, Nafarroan erabateko sexu askatasuna eta askatasun afektiboa bizi ahal izan dadin.
Baina urrats guztiak ez ziren erakundeen esparruan eman. Mugimenduaren bilakaeran garrantzia handia izan dute beti data jakin batzuetan eta arrazoi zehatzekin egindako protesta eta manifestazioek, historikoki kolektiboak sarbidea debekatua izan duen espazioak pixkanaka okupatzeak eta kaleetan eta erakundeetatik kanpoko beste espazio batzuetan izandako presentziak. Izan ere, LGTBI+ kolektiboak okupazio mugimenduarekin bat egiten duela agerian geratzen da, espazio okupatuak eta gaztetxeak topaketa, eztabaida eta ekintzetarako egoitza izan baitira askotan: 1985ean, jada, Tuterako Sindikatu Bertikalaren eraikina okupatu zuen Emakumeen Asanbladak; 1995ean, EHGAMk Iruñeko Euskal Jai Gaztetxean egin zuen COFHLEEren intsumisio marikari buruzko Estatuko topaketa, etab. Ordutik hogei urte baino gehiago igaro ondotik okupatu zen Mari-k-etxea, disidentzia sexualak eta disidentzia sexualerako okupatua, Jarauta kalean. Bollera, marika eta trans pertsonen bizikidetzarako gune izan da, eta espazio seguruak eta heteroarautik at dauden bizitzeko moduak sortu dira bertan. Bitxia dirudien arren, bi hamarkada lehenago beste Mari-k-etxe bat egon zen Curia kalean, eta lan handia egin zuen, esaterako, EHGAMk intsumisio marikaren alde egindako urte aktiboetan. Halaber, okupatutako beste gune batean, Maravillas Gaztetxean, E-28ko eta Trans Urriko jarduerak egin ziren 2018an. Aipatu bi kasuetan, bertan jarduten zuten pertsonen bizi proiektuak zekarren urraketak interes ekonomikoei ere eragiten zien, eta okupatutako espazio horiek husteko agindua eman zen bietan.
Azken urteotan kolektiboak ikusgarritasuna lortu du, eta 2018tik aurrera elkarte berriak sortu dira Nafarroako hainbat tokitan (pandemiak berak ere ez du geldiarazi haien dinamika): Laiak (Tafalla), Hormak (Lekunberri), Antsoainen Harro (Antsoain), Kukuluak (Tutera) eta Safikak (Lizarra); hiriburuan, berriz, DesperTRANS eta Iruñerriko Bollera Transfeministen asanblada eratzeko proiektua sortu dira. 2018an Gay eta Lesbianen Estatuko Topaketak Baluarten egiteak, 2019an Laiak Sariak ematen hasteak (2020an eten ziren eta 2021ean berriro hasi ziren), LGTBI+fobiarik Gabeko Eremuaren Adierazpenak eta Erdialdeko 25 herri Landa Manifestuari atxikitzeak agerian uzten dute mugimenduak Nafarroan duen garrantzia eta dinamismoa, baita sostengatzen dituzten sareen sendotasuna ere. Mugimendu hori beste diskurtso eta estetika batzuen ekarpenei esker eraikitzen eta berreraikitzen ari da, historikoki egin izan den gisan, baita beste agertoki eta ikusleen ekarpenei esker ere, voguingak eskaintzen dituenei esker, esaterako.
Ikusgarritasunaren ildo horretan 2021eko azaroan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala beste urrats bat izan zen. Bertan, Saioa Alkaiza militante transfeministak irabazi zuen txapela, eta ertzetako pertsona ez bitarrei, transei, marikei eta bollerei eskaini zien agurra.
- Echeverría Sampedro, Ariane. (2014). El movimiento feminista en Navarra desde 1980 hasta la actualidad. TFM Master en intervención social con individuos, familias y grupos . Departamento de Trabajo Social, Pamplona, septiembre de 2014. https://academica-e.unavarra.es/bitstream/handle/2454/15266/57671_Echeverria%20Sampedro%2C%20Ariane.pdf?sequence=1&isAllowed=y
- López Romo, Raúl. (2008). Del gueto a la calle: el movimiento gay y lesbiano en el País Vasco y Navarra. 1975-1983. Donostia-San Sebastián: Tercera Prensa D.L.
- Zabala, Begoña. (2008). Movimiento de mujeres, mujeres en movimiento. Tafalla: Txalaparta.
- Cuadernos de lesbianismo en el movimiento feminista y los colectivos de lesbianas. https://www.aldarte.org/comun/imagenes/documentos/CUADERNO%20LESBIANISMO%20EN%20EL%20MOVIMIENTO%20FEMINISTA%20Y%20LOS%20COLECTIVOS%20DE%20LESBIANAS.pdf
- https://www.emakumeak.org/web/jornada/16 (Dossier Lesbianismo ESAM)
- Centro de documentación virtual LGTBI++ Memoria de los Movimientos LGTBI++ https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/LGTBI++_memoria/es_def/
- EHGAM dokumentazio gunea http://ehgamdok.blogspot.com/
- Nafarroako LGTBI++Q+ borrokaren haziak / Semillas de la lucha LGTBI++Q+ en Navarra https://youtu.be/gfck_HmJdt0
Para saber más:
- Villar Sáenz, Amparo. (2005). ¿Lesbiana? Encantada, es un placer!! Análisis del Lesbianismo en el Movimiento Feminista y en los grupos de lesbianas y gays. Trabajo de Investigación. Máster en Igualdad de Mujeres y Hombres 2003-2005. UPV. https://www.aldarte.org/comun/imagenes/documentos/LESBIANA%20ENCANTADA%20ES%20UN%20PLACER.pdf
- Villar Sáenz, Amparo. (2008). El lesbianismo en el movimiento feminista y los colectivos de lesbianas. Centro de Estudios y Documentación para las libertades sexuales / ALDARTE. https://foroderechoshumanos.org/ehgam-movimiento-de-liberacion-gay-les-de-euskal-herri/